XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ideologiak abstraktoan hartu ordez, begira ditzagun horien joanetorriak oraintxe Euskal Herrian batetik prosan eta politikan eta bestetik poesian, ea nola agiri diren.

Prosa ideologien zamapean zanpatuta dadukagu.

Ideologien menpean dago ta ideologien tresna bihurturik.

Poesia, ostera, gehienez ere ideologietaz bera baliatzen da, ez aldrebes, ideologia poesiaz.

Egungo poesiak ere uste batzuk bere aurretik suposatzen ditu baina doi-doi tesirik.

Ideologiekikoan, egungo poesia, 60-gn urteetakoaren aldean, beste egoera batetan dago, dudarik gabe.

Eta Euskal Herri guzia beste egoera batetan dagoelakoxe.

Hemen hori erakustea lortu ez bada, susmo horrekin behintzat geldi gindezke, ta susmo bat ere aski dugu, ausaz, oraingoz.

Prosan gerra ideologikoa su ta fu, poesian gerraren nekea.

Paperezko gerraren nekea, behintzat.

Egoera hortan sortu da Zulaikaren poesia, ikusten denez, ez dugu jakin ideologiekin ezer hoberik merezitzen ta.

Prozeso hortan sortu da liburu hau: bai mamian eta bai bere eginduran nabari zaio.

Eta, honez gero, bera ere prozeso hori egitera sartu da, beste euskal poetekin batera.

Zulaika, halare, txit bere modura datorkigu.

Egia esateko, Zulaikaren poesia erreazio bat baino gehiago iruditzen zait.

Puntu ta aparte egin ta berriro hasteko saio bat.

Direnak utzi ta errealidade berrien bila jo digu.

Gaia Adan da eta apropos da Adan: lehen gizona.

Ez da denborazko lehenentasunik, barnetasunezkoa baino.

Zulaikak gizon sozial edo politikoaren azpira begiratu du.